Uda honetan ere, ehunka lagun eskubiderik gabeko eremuetara joango gara, gerra-agertoki bihurturiko muga horietara, non pertsonei hiltzen uzten zaien, gorputzak behartzen diren, eta bizitza nahiz giza eskubideak babesten dituztenak kriminalizatu egiten diren.
Laugarren aldiz,
Mugak Zabalduz Karabanak mugetan bizi diren pertsonekin eta erakundeekin bat
egingo du. Lehenengo, Grezian egin zuen, gero Melillan eta Italian, eta orain,
beste behin, Europako Hego Mugan egingo du, Andaluzian eta Ceutan, hain zuzen.
Berriro joango gara
Hego Mugara egoerak, konpontzetik urrun, okerrera egin duelako. Azken
urtebetean, hango kaosean ikusi dugu, kostalde horietara iritsi diren pertsonen
harrera antolatzeko erakundeen inolako aurreikuspenik ezean, horrek eragindako
tratu duinez eta ankerrean. Andaluziako gobernu berriaren aldetik, PPk eta
Ciudadanosek osatua dagoen horretatik, VOXen babesaz, politika neofaxisten eta
immigrazioaren kontrakoen erreferente bihurtua bera, ez dago arreta-gabezia
hori arintzeko inolako asmorik espero izaterik.
Munduan, Erdialdeko
Mediterraneoko ibilbidean (Libiatik Italiara) hil dira migratzaile gehien
2019ko hil hauetan, eta ondoren Hego Mugan, Migrazioen Nazioarteko Erakundearen
(MNE) arabera.
Espainiako estatuko
100 erakundek eta kolektibok baino gehiagok eusten diogu Mugak Zabalduz
Karabanari, Europar Batasuneko migrazio-, ekonomia-, merkataritza- eta
ingurumen-politikak salatzea xede.
Karabana honetan,
CarovaneMigranti-rekin parte hartuko dugu, bai eta harekin batera doazen
Aljeria, Tunisia eta Mexikoko lekukoekin ere, zeinak beren bizipenen bitartez
Mediterraneoko eta Erdialdeko Amerikako errealitate migratzaileak lotzea
ahalbidetuko diguten. Migratzaileen protagonismoa ikusgai jarri nahi dugu, haien
adierazgarri gorena: azken urtebetean Erdialdeko Amerikako karabanak osatu
dituzten lekualdaturiko pertsonen exodoa, erresistentziarako gizarte-mugimendu
berria, bizi daitekeen bizitzaren alde bidean.
Mundu-mailako
desordena berria eta giza eskubideak
Mundu-mailako
desordena berriaren ereduak gutxiengo baten epe motzerako etekina lehenesten du
pertsona guztion bizitzaren eta planetaren iraunkortasunaren aurretik. Politika
predatzaileak baliabideez eta lurraz jabetzen dira, lugorri bihurtu arte hondatzen
eta kutsatzen dute, gosea, ezegonkortasun politikoa, gatazka belikoak eta
ingurumen-hondamendiak eragiten dituzte, eta horien ondorioak Munduko
Hegoaldeko herrialdeek pairatzen dituzte bereziki; gainera, hertsiki lotuta
daude pertsonak migratzera eta babesa bilatzera behartzen dituzten arrazoiekin.
Politika horiek gizatasunaz gabetzen dituzte migratzaileak, eskubiderik barik
uzten dituzte, eta eskulan merkea bilakatuta esplotatzen dituzte.
Europan,
kanpo-politikak salbuespen-egoera eragiten ari dira, nazioarteko zuzenbideak
ezarritako giza eskubideei dagokienez. Horiek babesteko estandarren murrizketa
izugarri eta lotsagarri honek eragindako egoeran, sistematikoki urratzen ari da
migratzaileen eskubiderik oinarrizkoenak babesteko nazio-mailako eta nazioarteko
araudia. Mediterraneoa eta Saharako basamortua hobi komun handiak bihurtuak,
esklaboak balira bezala migratzaileen salerosketa Libian… horra errealitate
honen adibide ankerrenetako bi.
Horrekin batera,
segurtasun-arloan eta mugen zaintzan gero eta diru gehiago gastatzen da; hala,
“mugen negozioak” gero eta irabazi handiagoak ematen ditu, gerren negozio
klasikoak bezainbeste, eta etekin horiek guztiak arlo honetan lizitazio publiko
guztiak irabazten dituzten enpresa gutxi batzuentzat dira. Hori dela eta, EBko
herrialdeek giza eskubideak bortxatzen dituzten gobernuekin arma-merkataritzan
jarduteari utz diezaioten exijitzen jarraitu beharra dago.
Horrez gain, une
honetan, EB, Estatu Batuak, Frantzia, Errusia, Saudi Arabia eta Egiptoko
gobernuek Libiako egungo gerra babesteari utz diezaioten galdegiten ari gara,
zibilen heriotza eta herrialde barruan errefuxiaturiko milaka lagunen
lekualdaketa eragiten ari den gerra hori, eta, NBEren arabera,
atxiloketa-esparru libiarretan dauden milaka migratzaileren bizitza arriskuan
jartzen duena.
Ultraeskuinaren
gorakadak giza eskubideen egoera larriagotu du
Europako azken
hauteskundeetan ultraeskuineko alderdien itxaropenak bete ez badira ere,
nabarmen egin dute aurrera hainbat herrialdetan: Italia, Hungaria, Polonia eta
Britainia Handia. Gauza bera gertatzen ari da kontinente amerikarrean, non
Estatu Batuak eta Brasil diren diskurtso sakonki neoliberal, xenofobo,
arrazista, misogino eta homofoboa dakarren ultraeskuin horren adierazpenik
ezagunena.
Alderdi horiek lortu
dute biztanleriaren zati batek bere egitea haien aurreiritziak, migratzaile eta
errefuxiatuak iristea eta babes-sistema publikoa hondatzea, delinkuentzia,
terrorismoa edota matxismoa lotzen dituzten biztanleek, hain zuzen.
Kultur arrazismoa da,
Europaren eta bertako humanismoaren balio hipotetikoen suntsipenaz ohartarazten
duena. Alabaina, alderdi horiek desagerrarazi nahi dituzte mestizajearen, Kultur
aniztasunaren, demokraziaren edo giza eskubideen balioak, horien ordez balio
neokolonialista, bortitz eta patriarkal sakonak ezartzeko.
Espainiako
estatuko egoera
Espainiako Gobernuak
munduan eta Europan nagusi diren politikak aplikatzen ditu. Aitzindaria izan da
mugak esternalizatzeko akordioak egiteko orduan, Marokorekin (1992), alegia,
giza eskubideak eta Saharako zein Rifeko biztanleen eskubideak sistematikoki
urratzen dituen herrialdearekin. Pedro Sánchezen gobernuak, hitzeman zuen
bezala kontzertinak kendu beharrean, akordioak egiten jarraitu du Marokorekin;
ondorioz, poliziak are indarkeria eta errepresio handiagoa egikaritzen du muga
zeharkatzeko aukeraren zain dauden pertsonengan, bizirik irauten saiatzen ari
diren toki horietan.
Motrilen, azken hiletan
migratzaile iritsi berri gehien pilatzen ari diren tokietako batean, gobernuak
erabaki du Etorkinak Aldi Baterako Hartzeko Zentro bat eraikitzea, hots,
Atzerritarrak Barneratzeko Zentro ezkutu bat. Tokiko erakunde solidarioek
erabakia gaitzetsi dute, eta Mugak Zabalduz Karabanak han bertan salatuko du.
Hau eskatzen diegu
Espainiako estatuko eta Europako gobernuei:
- Baliogabetzeko giza eskubideak bortxatzen dituzten herrialdeekin (Libia, Turkia, Niger edo Maroko) egindako akordioak migratzaile eta errefuxiatuak itzultzeko eta berronartzeko. Inor ez da bidali behar herrialde batera non tortura, jazarpena edo mehatxuak jasan ditzakeen. Mugen esternalizazioak gobernu ustelei darkarzkie etekinak, giza eskubideak bermatzen ez dituztenei, baieta gobernu horien baimenez jarduten duten mafiei ere.
- Ez jarraitzeko kanporatzen migratzaile eta errefuxiatuak iritsi bezain laster, horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen duelako.
- Ez egiteko sarekada arrazista gehiagorik, eta migratzaileei elkartasuna erakusten dieten pertsonak nahiz erakundeak jazartzeari eta kriminalizatzeari uzteko. Kasu ezagunenak dira gure kide Helena Malenorena eta Lesbosen epaituriko hiru suhiltzaile sevillarrena -Manuel Blanco, Enrique Rodríguez y Julio Latorre-, zeinak, etorkinekin trafikatzea egotzita, prozesu luzea jasan ondoren aske utzi zituzten.
- Ibilbide legal eta seguruak ezartzeko herrialde batetik besterako bidean diren pertsonentzat; haien eskubideak bermatzeko harrera egiten dieten herrialdeetan; eta esplotazioa, abusuak, indarkeria eta pertsonen salerosketa zein trafikoa eragozteko.
- Nazioarteko zuzenbidearen xedapenak errespetatzeko, bereziki errefuxiatuei buruzko Genevako Konbentzioa eta migratzaileak babesten dituzten arauak.
- FRONTEX desegiteko, Hego Mugan Itsas Salbamendua babesteko, itsasoan bizitza babesteko zerbitzu publiko gisa, eta Mediterraneoan itsas salbamendurako operatibo bat ezartzeko.
- Ceuta eta Melillako adingabeentzako babesa, haien eskubideak eta arreta bermatzeko, eta indarkeria, abandonua nahiz legez kanpo kanpora ditzaten eragozteko.
- Berariazko bermeak ezartzeko egoera bereziki zurgarrian dauden pertsonentzat, nazioarteko babesa emateko prozedura erkideei buruzko Europako Zuzentarauan ezarriak: sexu-indarkeria jasan duten emakumeak, giza salerosketaren biktimak, adingabeak, LGTBI kolektiboko pertsonak, etab.
- Aita Mari eta Open Arms ontziei baimena emateko Mediterraneoan bizitzak salbatzeko beren erreskate-zeregina askatasunez egin dezaten.
- Harrera-politika duin eta eraginkorrak egiteko.
- Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak ixteko eta kanporatze hertsatzailea ez bestelako aukerak garatzeko, betiere bereziki erreparatuz gure herrialdera etorritakomigratzaileen errotze-egoerari. Horrez gain, PSOEren gobernuak abian jarritako azpiegitura berriak gaitzetsi nahi ditugu: Etorkinak Aldi Baterako Hartzeko Zentroak eta Etorkinak Aldi Baterako Artatzeko eta Hartzeko Zentroak.
- Legeztatzeko prozesuak ezartzeko legez kanpoko egoera administratiboan dauden pertsona guztientzat. Era berean, familiak berriz elkartu ahal izateko bermea.
- Baimena emateko Ceuta eta Melillako mugetan asilo-bulegoetan sartu ahal izateko, praktikan, inolako diskriminaziorik gabe.
- Atzerritarrei buruzko Legea eta Araudia indargabetzeko.
- Dublingo Araudia eta Etorkinak Itzultzeari buruzko Europako Zuzentaraua, Lotsaren Zuzentaraua izenez ezaguna, indargabetzeko.
- Aintzat hartzeko Herrien Auzitegi Iraunkorraren gomendioak, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen bortxaketaren gainean Bartzelonan, Palermon, Parisen eta Londresen egindako saioetan (2017-2019) emanak, hala nola NBEko kontalariak migrazio-ibilbidean izaten diren beharturiko desagerpenei buruzko txostenean egindako proposamenak, bai et gobernuz kanpoko hainbat erakunderenak ere, Libian gertatzen ari den eskubideen bortxaketa dela-eta Amnesty Internationalek egindakoak, kasu.
- Giza Eskubideekiko errespetuaren esparruan Enpresa Transnazionalen eta beste enpresa batzuen zaintzari buruzko Akordio Loteslea onartzea proposatu nahi dugu, Nazio Batuen Kontseiluaren baitan Genevan negoziaturikoa, hain zuzen.
- Eta, azkenik, langile migratzaile guztien eta beren senideen eskubideen babesari buruzko Nazioarteko Konbentzioa berresteko.
Karabana
feminista
Migrazio-prozesuetan
dauden emakumeak ikusgai jarri nahi ditugu, baina ez berriz biktima gisa
irudikatu eta migrazioarekin lotuta beren profilak edota proiektuak
homogeneizatuko dituen ikuspuntutik. 2018an, handitu egin zen penintsulara
mugaren eremu honetatik sartu ziren migratzaileen arteko andreen ehunekoa:
2017an, % 7 izan ziren; egun, % 17 dira, 10.901 andre, APDHAren arabera. Azpimarratu
nahi dugu emakumeak protagonista eta subjektu politikoak direla, Saharaz
hegoaldeko emakume guztiak ez direla giza salerosketaren biktimak, eta,
bitarteko eraginkorrak ezarri ezean, ezin dela egin giza salerosketari aurre
egiteko borrokaren gaineko diskurtsorik. Marokoko Gobernua ere salatu nahi
dugu, giza salerosketaren kontrako borroka aitzakia gisa baliatzen ari delako
emakumeek baso eta etxebizitzetan ezkutaleku dituzten kanpamentuak desegiteko,
emakume horiek atxilotzeko eta, autobusez, Aljeriako muga bortitzera
deportatzeko.
Egoera
administratiboa legeztatzeko betetzeko moduko baldintzak edo bide legal eta
seguruak ezartzeak amaiera emango lioke emakume migratzaile askok jasaten duten
lan-esplotazioari edo indarkeriari. Orain, dirutza ordaindu behar diete beren
migrazio-proiektua burutu ahal izateko dirua utzi zieten zamaketariei edo haien
senideei, ezin dutelako bisarik lortu.
Bereziki salatu nahi
ditugu emakume marokoarrak, Huelvako soroetan marrubi-bilketan diharduten
sasoikako langileak eurak, pairatzen ari diren lan-esplotazioa eta sexu-abusua,
hala nola egoera bertsuak Sizilian eta Apulian, Italian, hain zuzen.
Salatu nahi ditugu,
halaber, ehunka emakumezko zamaketari marokoar eta etxeko langileak Ceuta eta
Melilla hirietan nozitzen ari diren tratu ankerra eta esplotazioa.
Ez dugu onartzen pertsonen
salerosketaren kontrako diskurtsoa, erabiltzen denean migratzaileen eta haiei
laguntza ematen dieten pertsonen kontra errepresioa egikaritzeko, besterik ez.
Mugak ixteko politikek behartzen dituzte pertsonak segurtasunik gabeko
bideetara jotzera, eta Europako gobernuen axolagabekeriak behartzen ditu GKEak
giza eskubideak eta nazioarteko itunak betetzeko ekimena beren gain hartzera.
Emakumeak
nozitzen ari diren sexu-indarkeria salatu nahi dugu, bai beren
sorterrietan bai handik beste herrialde baterako bidean bai
harrera-herrialdeetan nozitu ere. Horri dagokionez, hauek dira gure eskakizunak:
- Berma daitezela beren eskubideak harrera egiten dieten herrialdeetan, eta eragoztea esplotazioa, abusuak, indarkeria eta haien salerosketa sexu-esplotaziorako.
- Ziurta dadila beren bikotekideengandik aparteko asilo-eskaera egiteko eskubidea, bai eta beren ezkontideengandik aparteko estatus juridikoa izatekoa ere.
- Arta daitezela beren osasun-behar zehatzak, baita beren sexu- eta ugalketa-eskubideak ere, abortua barne.
- Berma dadila abusuak, indarkeria, genitalen mutilazioa edo beharturiko ezkontza jasan duten edo jasateko arriskuan diren emakume eta neskatilen arreta.
Karabana
ekologista
Planetako eremu
handiak, kontinente afrikarra, kasu, baita Andaluzia ere, bero-boladek eta
lehorteak jota daude. Ondorioz, landa-eremuetan bizi diren pertsonak gero eta
pobreagoak dira. Klima-aldaketak heriotza-tasa areagotzen du, eta milioika
lagunek ur-eskasia larria jasaten dute arrazoi ekonomiko eta politikoengatik,
transnazionalen jardunagatik eta uraren pribatizazioagatik. Hori guztia hiri
handietarako migrazioak eragiten ari da, eta hiriok iraunkorrak izateari utzi
diot. Gainera, gizarte-desparekotasunak eta indarkeria areagotu egin dira, eta
bereziki andreek pairatzen dituzte, haiek arduratzen direlako ur-horniduraz eta
laborantzaz familiaren beharrak asetzeko.
Erresistentzia
solidarioa
Erresistentzia-modu
berriak ere aintzatetsi nahi ditugu. Izan ere, aurretiko beste borroka-modu
batzuekin batera, sare bat osatu dute estatu osoan zehar: mota askotako taldeak
modu ugaritan antolatu dira migratzaile eta errefuxiatuei harrera egiteko ez
ezik, haien oinarrizko eskubideak bortxatzen ari direla salatzeko ere.
Gertura zaitezte
Mugak Zabalduz Karabanara, eta egizue bat Granadan, Motrilen, Tarifan, Ceutan,
Algecirasen, Jerezen, Sevillan eta Huelvan zehar egingo ditugun ekintzekin eta
ekitaldiekin.