Hego Muga, 2019ko uztaila

2019ko uztailaren 12an, ostiralean, Mugak Zabalduz Karabana Euskal Herritik eta Espainiako estatuko beste leku batzuetatik abiatuko da, eta bederatzi egunean Europako Hego Mugara iritsiko da, Granada, Motril, Tarifa, Ceuta, Algeciras, Jerez, Sevilla, Lepe eta Huelvako ortua deritzon eskualdea zeharkatu ostean.

Hauek dira Mugak Zabalduz Karabana 2019ren helmuga Hego Muga (Andaluzia, Ceuta) izateko arrazoiak:

Europako eskualdeetatik, Andaluziara iritsi ziren migratzaile gehien (58.000 inguru) 2018an (+ 6.583 Ceuta eta Melillan). Ondorioz, Mediterraneoko kostalde andaluziarretan hildako askoz gehiago izan dira (1.064). Etorkin gehiago iritsi izanak Andaluziako harrera-sistema instituzionalaren gabezia larriak azaleratu ditu, eta, hala, migratzaileak Espainiako estatuko hainbat hiritara bidali dira Europako beste herrialde batzuetarako bidean; era berean, Gobernuaren migrazio-politikan inboluzioa gertatu da: migratzaileak atxilotzeko eta atxikitzeko legez kanpoko tresnei eusteaz gain, ehunka lagun estatura heldu bezain laster kanporatu ditu, eta bai Open Arms bai Aita Mari ontziei Mediterraneoan salbamendu-lana egitea eragotzi die.

Andaluziako erkidegoko hauteskundeak egin ostean, eskuineko eta ultraeskuineko alderdien koalizioa dago agintean, alegia, migratzaileak erabili zituzten eta erabiltzen dituztenena beren hauteskunde-programa eta jarduketa politiko erreakzionarioen errudun gisara. Egoera hau egundoko erronka da gizarte-erakunde guztientzat, bai eta bizitzaren erdigunean bazterturiko, ikusezin bihurturiko eta esplotaturiko pertsonekiko elkartasuna eta giza eskubideen babesa jarri nahi ditugunontzat ere.

Ceutan, migrazioaren gaia eguneroko bizimoduan txertatuta dago, eta Giza Eskubideak errespeta daitezen lanean diharduten erakundeek zailtasun handiak eta laguntza gutxi topatzen dituzte biztanleriaren aldetik. Karabana bertan izatea oso lagungarria izan dakieke, haien jarduna aitortzeko eta sustatzeko, 2017an Melillan gertatu bezala.

Huelvako probintzian, egonlekuetako bizi-baldintzak, lan-esplotazioa nekazaritzako eginkizunetan eta sasoikako andreek nozitzen duten sexu-indarkeria erabat jasangaitzak dira. Hango agintariek, Laneko Ikuskatzailetzak, gizarte-erakundeek eta biztanle ugarik ez ikusiarena egiten dute, eta, etekin ekonomikoa lortzearren, pertsonen giza eskubideak zapaltzen dituzte. Egoera hori aldatzeko borrokatzen ari diren taldeek beharrezkoa dute beren mobilizazio eta salaketen oihartzuna Huelvako probintziaz harago zabaltzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude